berria.info

 

Osteguna, 2014ko irailak 11a.

 

Pertsonaia. Fabiano Caruana.

 

Ezinezkoa lortu du.

 

Josu Tornay.

 

«Ezinezkoa da horrelako torneo batean zazpi partida jarraian irabaztea, baina ezinezko hori ari da gertatzen gure begien aurrean». Ben Finegold xakeko maisu handiaren hitzak dira, Sinquefield kopako zortzigarren txanda jokatzen ari zen bitartean esandakoak. Ez zitzaion arrazoirik falta, handia izan baita Saint Louisen (AEB) jokatu berri den torneoan gertatutakoa. Fabiano Caruanak (Miami, AEB, 1992) erakustaldia eman zuen. Nolakoa, gainera. Italiarrak —Italiako herritartasuna du— lehen zazpi partidak irabazi zituen, xakearen aro garaikidean inork lortu gabekoa. Egungo jokalari onenen aurka lortu zituen, gainera: Vesselin Topalov (bi aldiz), Maxime Vachier-Lagrave (bi aldiz), Magnus Carlsen, Levon Aronian eta Hikaru Nakamuraren aurka. Hori eginda, titulua ziurtatu zuen. Zenbat garaipen lortuko zituen, hor zegoen zalantza. Bada, zazpirekin geratu zen, azken hiru partidetan berdindu egin baitzuen, Carlsen, Nakamura eta Aronianekin.

Inork ez du hainbeste partida jarraian irabazi munduko onenen kontra. 1873 eta 1882 artean, Wilhelm Steinitzek 25 partida jarraian irabazi zituen, eta Bobby Fischerrek hogei, 1970eko hamarkadaren hasieran. Haien aurkarien maila oso apala da Caruanak izan dituenekin alderatuta.

Baina nor da Caruana? 22 urteko gazte azkar-azkarra. 14 urterekin lortu zuen Maisu Handiko titulua, eta, egun, munduko hirugarrena da nazioarteko rankingean. Haren ibilbidea apur bat ezkutuan geratu da Carlsenen leherketarekin, baina harena bezain harrigarria da, eta hura baino hogei hilabete gazteagoa da. Ibil dadila erne munduko txapelduna.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/1798/028/002/2014-09-11/ezinezkoa_lortu_du.htm